abr 9, 2013
Comentarios desactivados

Hitzaldia ‘Katalunia subiranotasunerantz’

Conferencia. Bilbao 17/04/2013

“Katalunian irtenbide bideragarri bakarra dago: herritarrei galdetzea. Galdeketa egingo dugu, eta nazioarteko babesarekin gainera” ziurtatu du Marta Rovirak, ERCko idazkari nagusiak.

Ildo horretan, honako hau adierazi du: erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratiko unibertsalari buruzko nazioarteko jurisprudentziari jarraiki, “benetako estatu demokratiko batean ezinezkoa da inolako lege-trabarik jartzea herritarrek beren etorkizun politikoa aukeratzea oztopatzeko”.

Bilbo. 2013/04/17

videoBideoa: Lehen zatia, Bigarren zatia, Hirugarren zatia

Alkartasuna Fundazioak eta Ezkerraberri Fundazioak batera antolatutako ‘Katalunia subiranotasunerantz’ hitzaldiaren esparruan, Esquerra Republicana de Catalunya-ko idazkari nagusiak honako hau adierazi du: “Bere independentziarako bidean, erabakitzeko eskubidea defendatu nahi du Kataluniak, eta ibilbide-orri horretan ezin da atzera egin”.

Rovirak gogora ekarri ditu “Espainiako Gobernuak agindutako aurrekontu-mugak”, Kataluniako gizarteak “bere gain hartu ezin ditzakeen” murrizketak dakartzatenak, eta ildo horretatik honako hau erantsi du: “gure hauteskunde-aginduari erantzun egokia emateko gauza ez bagara, litekeena da agenda nazionala azkartzea, Kataluniako herritarrok gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera izan dezagun”.

Ildo horretan, honako hau adierazi du: “zuzenbidezko herrialde demokratiko batean ez dago legerik demokrazia debeka dezakeenik”. Horregatik, nazio-kontzientzia duten herriek beren autodeterminazio-eskubidea defendatzeko aukera izan behar dutela adierazi du, eta printzipio unibertsal hori betez, koalizio subiranista handi bat osatzearen alde azaldu da, egungo baldintza nagusia, hau da, Katalunian galdeketa bat egiteko Espainiako Estatuaren baimena behar izatea, gainditzeko.

“Galdeketa egingo dugu, nazioarteko babesarekin gainera, erabakitzeko eskubideari buruzko jurisprudentziari jarraiki” ziurtatu du. Ildo horretatik, zera adierazi du, historian laugarren aldiz, estatu berrien “uholdea” gertatzen ari dela. Lehena lehen mundu-gerra amaitzean gertatu zen; bigarrena berriz, bigarren mundu-gerra amaitzean, deskolonizazio-prozesuaren ondorioz; eta azkenik, hirugarrena, SESB eta Jugoslavia desegitearekin batera. Une honetan, beste hainbat estatu daude osatzeko bidean, hala nola Eskozia, Quebec, Groenlandia, Flandes, Euskal Herria eta Katalunia. Hortaz, “independentziarako bidea atzeraezina” dela adierazi du.

 



Los comentarios están cerrados.