dic 19, 2016

Centre Maurits Coppieters Saria

Centre Maurits Coppieters fundazioak Alex Salmond saritu du lehendabizi ematen diren «Coppieters Awards»etan

Alkartasuna Fundazioa barnebiltzen duen Centre Maurits Coppieters, Europar Aliantza Librearen(ALE)  fundazio politikoak, Alex Salmond aintzat hartu nahi izan du “Eskoziaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskoziarrek duten eskubidea defendatzeagatik”.

Bruselan 2016/12/15

Alex Salmond-CMC Sariak 2016Coppieters saria ematerako orduan, aurtengoa lehen sariketa izan da, Herrien Europaren aldeko fundazioek azpimarratu nahi izan dute «independentziarako bide demokratikoan urratsak ematea, eta beste herri batzuei bidea zabaltzea». CMCko kideen ustetan «Salmond jaunak Europar mailan aniztasun kulturala, bakea, demokrazia, elkartasuna eta batasuna adierazten ditu».

Alkartasuna fundazioa CMCren sortzaile eta bultzatzaileetako bat da. Bertako kide Iria Epalza sari emate ekitaldian izan da, baita aurretik antolatu den Centre Maurits Coppieters osatzen duten  Think Thanken arteko bileran ere.

Alex Salmondi CMCko zuzendari Xabier Maciasek eman dio, honela laburbilduz erabakia: “Salmond jaunak ederki ordezkatzen du sari honekin adierazi nahi duguna: nazio eta herrien eskubide sozial eta politikoen defentsa etengabea, demokratikoa eta argia”.

Ekitaldian hitz eder andana eskaini zitzaizkion Alex Salmondi. Batzuk esker hitzak, miresmen berbak, eta adibidezkoak beste asko. Hizlarien artean Geert Bourgeois Flandriako presidentea, Daniel Turp legelari quebectarra, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Tasmina Ahmed-Shekik SNPko diputatua Westminsterren.

Alex Salmondek ere hartu zuen mikrofonoa, eta bertan geundenon bihotzak berotu zituen, gogoak piztu eta buruak argitu.

“Behar dugu Europa bat zeinetan ezadostasunak edo eztabaidak onartuak izango diren, eta gogoz eta ilusioz ekingo zaion erronkari. Europa soziala behar dugu; Maurits Coppietersek berak defendatzen zuen Europa idealista horri hauspotu behar dugu. Autodeterminazio eskubideak, herrien aniztasunak, bakeak eta demokraziak etxea izango duten Europa batua behar dugu”.

“ Eskozia ehundaka urtez egon da Europaren bihotzean. Orain Eskozia Europatik kanporatzea ez litzateke soilik eskoziarrentzat irain latza izango, Europarentzat berarentzat ere guztiz iraingarria litzateke”.
Informazio gehiago CMCen webgunean bertan aurkitu daiteke: www.ideasforeurope.eu



Los comentarios están cerrados.