oct 5, 2015
Comentarios desactivados

Jardunaldia. ‘Martxa Berdearen 40 urte. 40 urteko elkartasuneko Sahararekin’

“Marokori erakutsi diogu ondo antolatutako herria garela eta ez duela lortuko gu azpiratzea”  Mohamed Sidati / Fronte Polisarioaren Europarako ordezkaria

Sidati Gasteizen 20151016Gasteiz. 2015/10/16

Mohamed Sidatirekin elkarrizketa              Hassana Aailarekin (iheslari) elkarrizketa              Nuria Salamérekin (Catalanes Amigues del Poble Saharaui) elkarrizketa

Urriaren 16an Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean ‘Ibilaldi Berdetik 40 urte, 40 urteko elkartasuna Sahararekin’  jardunaldiak burutu dira Alkartasuna, Ezkerraberri eta Iratzar Fundazioek antolatuta Euskal Fondoa eta CMC Fundazioaren laguntzarekin.

Jardunaldietan Marokok Saharako lurretan daraman 40 urteko okupazioaren eta giza eskubideen urraketen errepasoa egin dute hizlariek eta baita Espainiak gatazka horretan duen erantzukizuna gogorarazi ere.

Lehen saioan Mohamed Sidati Fronte Polisarioaren Europarako delegatuak Europako Estatuek Sahararen okupazioan duten erantzukizuna gogorarazi zuen, Espainiar Estatuak besteak beste duen erantzukizuna azpimarratuz. 40 urteren ostean arazoaren muinari heldu gabe jarraitzen duela adierazi zuen. “Ez dugu lortu Espainiak bere erantzukizunari heldu eta urratsak ematea, Portugalek Timorekin egin zuen gisan, esate baterako”, adierazi zuen. Saharako gatazka konpontzeko bidea bere autodeterminazio eskubidea aplikatu eta beren etorkizuna libreki erabakitzen uztea dela gogorarazi zuen.

Horrez gain, herrien eta herritarren 40 urteko elkartasuna eta babesa goraipatu eta eskertu zuen. “Herrien arteko elkartasuna ezinbestekoa da, zapaltzen gaituen sistema berdina baita guztiontzat.” Europar Batasunaren jarrera ere salatu zuen, beste aldera begiratzen duelako, “gutxi batzuen interesei” men eginez. Europar Instituzioek euren burua merkatuei saldu dietela salatu zuen.

Tortura eta tratu txarrak eguneroko ogia

Beristain Gasteizen 20151016Bigarren mahai inguruan Hassana Aalia gazte aktibista sahararrak eta Carlos Martín Beristain giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta psikologian doktoreak parte hartu zuten.

Aaliak kontatu zuenez mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan tortura eta tratu txarrak eguneroko ogia dira. “Familia guztiek dute desagertutako edo hildako kideren bat”.

“Haurrak txiki txikitatik konturatzen dira lurralde okupatu batuetan bizi direla”, gaineratu zuen. “Lotsaren harresia” zergatik dagoen “hor” galdetzen dutela adierazi zuen. Horrez gain, eskola marokoarretan historia erabat “desitxuratua” irakasten dietela eta eurena ez den hizkuntza bat hitz egitera behartzen dituztela salatu zuen.

Osasun sistema publikorako eskubiderik ere ez dutela azpimarratu zuen ekintzaile gazteak. “Ez dugu osasun txartelik. Nik hemen ezagutu dut zer den hori. Errekurtsoak lapurtzen dizkigute eta gainera medikuarengana joateagatik ordaindu egin behar.”

Aaliak gogoratu zuen bera ere kartzelan egona dela libreki manifestatzeagatik eta “kartzeletan ere tortura eta tratu txarrak etengabeak dira” bere esanetan. Hainbat aldiz atxilotu eta espetxeratua izan da Aalia, lehen aldiz 17 urte zituela. Azkena berriz, Gdeim Izik-eko kanpamenduan parte hartzeagatik 2010ean. “Udaberri arabiarren hasiera izan zen kanpamendu hura”, gogorarazi zuen. Orain bere 25 kide espetxean daudela esan zuen bizi osoko zigorrarekin eta senideek presoak bisitatzeko milaka kilometro egin behar dituztela salatu. Bere aurka ere zigor bera du. Hargatik dago errefuxiatua Euskal Herrian.

Alta, nahiz eta Gdeim Izikeko esperientziak ez zuen asko iraun, izpiritu hark bizirik dirauela aldarrikatu zuen. “Marokori demostratu diogu herri sahararra ongi antolatutako herria dela eta ez duela lortuko gu azpiratzea. Borrokan jarraituko dugu autodeterminazio eskubidea aitortu eta saharar herriak bere etorkizuna libreki erabaki arte.”

Era berean, marokoko herriarekin ere solidarioak direla gaineratu nahi izan zuen, “eurak ere Marokoko gobernuak eragindako pobreziaren, torturaren eta tratu txarren biktima baitira.”

Carlos Beristain giza eskubideen aldeko aktibistak, giza eskubideen alde Saharan egin duten lana azaldu zuen. Beristainen esanetan, 400 saharar daude desagertuta nahiz eta Marokok 207 soilik onartzen dituen eta “zirkustantzien ondorioz” hilak direla esan. Kartzeletako egoera ere tamalgarria dela adierazi zuen, Aainuneko PCCMI bezalako kartzela klandestinoak daudela aipatuz eta horietan gertatzen denaren inongo kontrolik eta bermerik ez dagoela gogoraraziz, besteak beste.

Sahara kartelaEgia osoa jakin, memoria eta erreparazioaren garrantzia adierazi zuen Beristainek. “Guk egin ditugun txostenetan sahararren testigantza ugari daude, hori kontatzeak zentzua izan behar duelako batez ere beraientzat.” Ondoren, aurkitutako hobi komunen inguruko informazioa eman zuen, kasu erreal batzuk azalduz.

Azkenik, Nuria Salamé Kataluniako Sahararren lagunen elkarteko kideak eta Nekane Perez nafar parlamentari ohiak, 40 urteotan Kataluniak eta Euskal Herriak izandako elkartasunaren errepasoa egin zuten. Salamék, herritarrek adierazitako babesa eta emandako laguntza azpimarratu zituen, instituzioek Marokoko Gobernuarekin duten harreman estua salatzearekin batera. CiUren jarrera salatu zuen batez ere.

Hainbat marokoarrek saioa oztopatu zuten

Marokoko hainbat agente probokatzaile saioaren hasieratik aretoan sartu ziren. Saio osoa disimulurik gabe grabatzen eta esaten zirenak apuntatzen aritu ziren lehen lerrotik. Hassana Aalia gazte sahararraren eta Carlos Beristainen hitzaldian amaitzear zela saioa boikoteatzeari ekin zioten, oihuka. Antolatzaileek aretotik bota zituzten eta ondoren ertzaintzak galarazi zien berriz ere aretora sartzea.

Agente probokatzaile horiek sahararrek zein elkartasun taldeetako kideek ezagutzen zituzten, Espainiar Estatuan zehar, antzeko beste hitzaldi batzuetan egon izan direlako jokabide berberekin. Aaliak adierazi zuenez, erregimen marokoarrak alde guztietara jarraitzen diete eta ohikoak izaten dira halako jarrera eta jokabideak agente probokatzaile marokoarren aldetik. Zentzu horretan, antolatzaileek esan zutenez, herritarrek Saharari adierazten dioten elkartasuna asko da baina ez aski, halako egoeren erantzukizuna Espainiar Estatua eta poliziarena dela salatu zuten.



Los comentarios están cerrados.