feb 2, 2022
Comentarios desactivados

Hezkuntza

Hezkuntza sistema eta hizkuntza murgiltze ereduak aztertu dituzte EAk, Alkartasuna Fundazioak eta European Free Alliance-k antolatutako webinarrean

2022/01/28

Bideoa

Urtarrilako 28an ospatu zen Eusko Alkartasunak, Alkartasuna Fundazioak eta Europako Aliantza Libreak antolatutako webinarra “Hezkuntza inklusiboa eta murgiltze ereduak Europan” aztertzeko. Gaurkotasunik handieneko gai honi buruzko saioa hiru mahai-ingurutan banatu zen.

Lehenengoan, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Eba Blancok, hezkuntza-sistemaren egungo egoera aztertu zuen. Ildo horretan, euskal hezkuntza-sistemak dituen eta gainditu behar dituen gabeziak lau direla adierazi zuen: politika inklusiboetan sakondu beharra, murgiltzean oinarritutako ereduaren beharra, behin-behinekotasun-tasa errotik moztu behar izatea, eta jaiotza-tasaren jaitsiera ikasgeletako ratioak jaitsi eta irakaskuntzan kalitatea irabazteko aukeratzat hartu beharko litzatekeela.

“Eusko Alkartasuna prest dago gainerako eragile politiko eta sozialekin herri honetako irakaskuntza sistema hobetzeko akordiora iristeko” azaldu zuen. Joan den irailean, EH Bilduk proposamen bat atera zuen, orain militantzia eztabaidatzen ari dena eta akordio sendo eta iraunkorrak lortzeko oinarri zabala eskaintzen duena. “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoak benetakoak badira, gu hor egongo gara, akordio bat lortzeko borondate osoz, egia da, baina negoziatuko den edukiaren arabera. Horrela, gure ustez, euskal eskola publikoak izan beharko luke lortu behar dugun akordio horren ardatz egituratzailea”, azpimarratu zuen Eba Blancok.

Ondoren, Angeles Iztueta eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohiak mintzatu ziren. Angeles Iztuetak inguruan ditugun hizkuntzek, hala nola frantsesak edo espainierak, iraun egingo dutela azaldu zuen, “bizirik mantentzeaz arduratzen den jende asko dagoelako, baina euskararen kasuan gu bakarrik gaude, euskaldunak. Eta euskara gure hizkuntza propioa izateak erantzukizuna dakar”.

“Gure ikasle gehienak D ereduan matrikulatu dira, baina D ereduak ez du balio erabat euskalduntzeko; datu batzuek erakusten dute eredu horretako ikasleen % 40k ez duela gaitasun osoa euskaraz”, salatu zuen. Horren aurrean Iztuetak adierazi zuen euskara ez dela soilik gramatika kontua, bizia, sentimenduak eta kolorea eman behar zaizkiola. Ildo horretan, lana lau eremutan egin behar dela azpimarratu zuen: ikasgeletan, eskola-giroan, eskolaz kanpoko giroan eta familian.

Tontxu Camposek, berriz, “arrakasta eta inklusibotasuna” lege batek eskubide subjektibo gisa bermatu behar dituela aldarrikatu zuen. “Guztiok ditugu behar bereziak hezkuntza-prozesuan, eta ahalik eta hobekien erantzun behar zaie. Haurrek hezkuntzan arrakasta izateko eskubidea dute, baina uste dut sistema ez doala ondo zentzu horretan. Egoera horren aurrean, pedagogia berritzaileak erabili behar dira eta baliabideak finantzatu”.

Irakasleen prestakuntza, hizkuntza gutxituak eta inklusioa:

Irakasleen prestakuntzari, hizkuntza gutxituei eta inklusioari buruzko bigarren mahai-inguruan, Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak eta Jon Díaz EHUko irakasleak hartu zuten parte.

Beñat Amenabarrek gogorarazi zuen irakasle izan nahi duten ikasleen sarrera-profilaren inguruko kezka dagoela eta zer gaitasuni eman beharko litzaiokeen arrantzia aztertu beharra. “Gure kasuan oso garrantzitsua da hizkuntzaren gaia, euskararena, kezka handia da eta horri balio berezia eman beharko litzaioke; etorkizuneko ikasleen profilak pluralagoa eta osatuagoa izan beharko lirateke”.

Bestalde, Jon Diazek azaldu zuen, besteak beste, argitalpen akademiko gutxi egiten direla euskaraz eta ez dela saritzen euskaraz argitaratzea. “Sistema honek ez du euskararen presentzia bermatzen, ezta indartzen ere”. Diazek salatu zuenez,” ez da erabaki politikorik hartzen euskarazko argitalpenak indartzeko”.

Jardunbide egokiak

Azkenik, hirugarren mahaian, hizkuntza eta kultura aniztasuna sustatzen duten hezkuntza-eredu inklusibo onenak aplikatzeko jardunbide egokiak aztertu ziren. Anna Jungner-Nordgren Finlandiako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareko lehendakariordeak azaldu zuen suediarraren kasua. “Soilik Finlandiako 330.000 herritarrek hitz egiten dute suedieraz, baina bermatuta dute hizkuntza horren irakaskuntza eta transmisioa”. “Suedieraz hitz egiten den lekuetan, hezkuntza-eredurik ohikoena suedierazko murgiltze eredua da”.

Anna Jungner-Nordgrenek nabarmendu zuen beharrezkoa dela “herritarrei hizkuntza berri bat ikasteak duen garrantzia erakustea, hizkuntza hori funtsezkoa baita bere bizitza errealean eta bere lanean”. “Garrantzitsua da suediarrak Finlandian eskaintzen dituen aukerak erakustea, hezkuntza, lan-merkatua eta kultura eskuratzeko orduan”.

Aisialdiari eta kulturari dagokienez, plataforma bat dagoela nabarmendu zuen, non hiztun asko elkarrekin harremanetan jartzen diren eta kultura-informazioa trukatzen duten. Gainera, irakasle lanbidearen garrantzia azpimarratu zuen, “irakasle onekin bakarrik izaten baitira ikasle onak”. Alde horretatik, inbertsioa oso garrantzitsua dela gogoratu zuen.

Bigarrenik, Hjalmar Hansen Faroe uharteetako Hezkuntza Agentziako zuzendariak hitz egin zuen. Bertan, lehen hizkuntza feroera da eta 53.000 biztanle izanda ere hizkuntza eskubideak bermatuta daude. Hjalmar Hansenek “irakasle kualifikatuak” izatearen garrantzia azpimarratu zuen eta Faroe uharteetan ere unibertsitate eta LHko eskaintza feroeraz dagoela nabarmendu zuen.

Azkenik, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkaria den Francesc Xavier Vilak hartu zuen hitza, Kataluniako hizkuntza-eredua azaltzeko. Bere ustez, akatsa izan zen Bigarren Hezkuntzaren amaieran katalanezko C1 automatikoki emateko erabakia, katalanaren maila jaitsi delako. Era berean, salatu zuen Espainiako Estatuak Katalanaren inguruko gaia  arazo politikoa egiten duela eta auzitegietan erabakitzen dela. Horrek ez duela arazoa konpontzen adierazi zuen. “Hizkuntzak ez luke inoiz gatazka politikorako arrazoi izan behar, aberastasunerako arrazoi baizik” aldarrikatu zuen amaitzeko.

 

logotipo ministerio cultura y deporte bn
“Actividad subvencionada por el Ministerio de Cultura y Deporte”



Los comentarios están cerrados.